Maiatzaren 20an zabaldu zen Trantsizio Digitala programan parte hartzeko eskaerak egiteko epea. Horren bidez, Sustapen Ekonomikoko sailak teknologia berriak eta berrikuntza ETEetan sartzea sustatu nahi du.
Programaren zuzkidura 4 M eurokoa da, eta bi arlotan inbertituko da: Oinarrizko digitalizazioa eta digitalizazio aurreratua, biak ere 5-250 enpleguko enpresentzat pentsatutakoak.
Oinarrizko digitalizazioaren kasuan, ibilbide-orri baten definizioa eta garapena zein digitalizazioan jauzi kualitatiboa dakarren edozein proiektu lagunduko dira. Atal honek 90.000 eurora arteko laguntzak jasotzen ditu. Izena emateko epea irekita egongo da maiatzaren 20tik uztailaren 26ra.
Digitalizazio aurreratuari dagokionez, dagoeneko AA, IoT, robotizazioa eta abar aplikatzen dituzten sektore teknologikoen proiektuak babestuko dira, 140.000 eurorainoko laguntzekin. Izena emateko epea irekita egongo da maiatzaren 20tik ekainaren 7ra.