Infobeaz

Industries & Design jardunaldia

cities-design1Azaroaren 24an Industries & Design jardunaldiaren beste edizio bat burutu zen, aurten gai nagusia diseinu eta materialen berrikuntza izan delarik. Hauek dituzten askotariko aplikazioak edo gaur egun sortzeko, ekoizteko eta kontsumitzeko dauden eretan duten eragina izan dira hainbat adituk bileran jorratutako gaietako batzuk.

Lehenengo hizlariak, Michele Caniato Material ConneXion Italia-ko presidenteak, diseinu eta materialen berrikuntzari buruz duen ikuspegia eta zenbait kasu arrakastatsu azaldu zituen, munduko enpresarik onenek merkatuan lidergoa lortzeko nola baliatu duten diseinua erakusteko. Esan zuenez, diseinu eta material egokiak aukeratzeak enpresaren emaitza-kontuan zuzeneko inpaktua izan dezake, joera berria sortzeko aukera emateaz gain.

Emilio Genovesi, MCX Italiako CEOa, Italiako diseinuaren esperientziaz eta materialak eta haien agerbide fisiko eta estetikoak erabiltzeko gaitasunaz mintzatu zitzaigun, hain zuzen ere 80ko hamarkadatik Italiako Design, arkitektura eta Made in Italy osatzen duten enpresen arrakastaren gakoa izan dena. Enpresa osatzeko eta proiektu arrakastatsuak planeatzeko ikuspegi original eta estrategiko hau hausnarketa eta benetako adibideen bidez aurkeztu zuen.

Ondoren Giulio Ceppi arkitekto eta diseinugileak hitz egin zuen eta materialek zentzumenak birmoldatzeko duten gaitasuna azpimarratu zuen. Adierazi zuenez, materialen nolakotasuna diseinatzeko eta aplikatzeko arlo berriak zehazteko aktiboki kudeatu behar da ezaugarri tekniko eta alderdi estetikoen arteko oreka; produktu berrien diseinuak negozioaren ikuspegitik dauden eskakizunak, parametro sentsorialak eta kultura espektatibak bateratu behar ditu. Soilik ikuspegi konplexu honetatik datorren konbinaketa ahaltsu eta diziplinarteko hau aintzat hartzen bada garatu ahalko da kalitate berrien diseinua, material eta produktuen bidez esperientzia sentsoriala eskaintzeko.

Jarraian Rodrigo Rodriguez eta Roberto Luganesik Italiako Cassina eta Oikos enpresa garrantzitsuen esperientzia azaldu zuten hurrenez hurren. Enpresok diseinuaren alde egindako apustuarengatik eta produktuen xehetasunei eta materialen azterketari emandako arreta perfekzionistarengatik nabarmendu dira.

Jardunaldiari amaiera emateko izan zen galdera-erantzunen saioan hizlariak zalantzak argitzen ahalegindu ziren.

, ,
Beaz

FREE
VIEW