2023an Enterprise Europe Network-ek 15 urte bete ditu enpresa txiki eta ertainei nazioartean berritzen eta hazten laguntzen. Bizkaian SME Week burutuko da azaroaren 13tik 17ra bitartean, eta aste horretan egingo dira elkarrekin eta lehen aldiz SME Assembly eta sarearen urteroko hitzaldia. Europako 1.000 ordezkari baino gehiago espero dira.
Duela 30 urte EBko merkatu bakarra sortu zen. Europako enpresa txiki eta ertainei sarbidea errazteko, 2008an Batzordeak Enterprise Europe Network sarea jarri zuen martxan, tokiko ezagutza eta irismen globala bateratzen dituen sarea. Gaur egun, 40 herrialde baino gehiagoko 450 erakundek osatzen dute EEN, besteak beste, SPRI Taldeak, Beazek, Innobasquek, Araba, Bilbo eta Gipuzkoako ganberek eta BasqueTrade & Investment-ek osatzen duten euskal nodoa.
Sareak eskaintzen dituen laguntzen artean, merkataritza-prozesuetan, prozesu teknologikoetan eta I+G prozesuetan negozio-aukerei buruzko aholkularitza pertsonalizatua edo finantzaketa-iturriak identifikatzea daude; azken urteotan, trantsizio berde eta digitaletara egokitzeko laguntzak ere gehitu ditu.
Egunerokoan, euskal nodoak merkatu globalekin konektatzen ditu erakundeak, eta bazkide egokiekin jartzen ditu harremanetan, hala merkataritzakoekin nola teknologikoekin, baita ikerketakoekin ere. Datuek berresten duten laguntza: euskal enpresak Estatuko eta Europako batez bestekoaren gainetik daude, lortutako finantzaketari eta Europako Batzordearen programetara aurkeztutako proposamenen arrakastari dagokienez.
#EENCanHelp