Azaroaren 26an Azkuna Zentroan Cities & Design jardunaldiaren hirugarren edizioa burutu zen, diseinua eragiletzat hartzen duten hirien esperientzia trukatzeko helburuarekin. Aurten gonbidatua Helsinki izan da.
Saioan oraingo zein etorkizuneko proiektuak jorratu ziren, esaterako Design Driven City programa, hiri inguruneetan eta sektore publikoan diseinuaren erabilera sustatzeko helburua duena, hiriak bizigarriagoak, humanoagoak eta errazagoak izatea lortze aldera; horrez gain, Helsinki Design Week eta Helsinkiko Liburutegi Nagusiko erabiltzaileen esperientzia interesgarria ere hizpide izango ziren.
Gizarte hobea eraikitzen laguntzeko diseinua eta arkitektura nola erabil daitezkeen aztertuko zuen Design Driven City ekimeneko Komunikazio zuzendari Laura Aaltok. Bere hitzaldian, hiri inguruneetan diziplina horren erabilera sustatzeko helburua duen ekimen hau azaldu zuen; egitasmo horretan, ingurunea eratzean eta erabaki hartzean herritarrak inplikatzea lortu nahi da.
Berarekin batera Anu Mänttäri ere izango zen, une honetan Helsinki hiriko enpresa garapeneko unitatean lan egiten duena, Helsinki World Design Capital 2012 proiektuan aritu ondoren.
Jarraian Pablo Riquelmeren txanda izan zen; International Design Foundation entitateko hiri diseinatzaileak “Diseinuaren egitekoa Helsinki hirian” izenburuko mintzaldia eskaini zuen. Jaiotzez txiletarra izan arren, Riquelmek Helsinki aukeratu du bere bizitza profesionala garatzeko eta sektore publikoari dagokionez daukan interesean sakontzeko. “Diseinatzaile garen aldetik, egiten dugun guztiari oreka eta balio estetikoa ematen saiatzen gara, komunitatearentzat lan egiten ahalegintzen gara, eta etorkizun hobea sortzen ahalegintzea, zalantza izpirik gabe, maitasun eta sormen ariketa nabarmena da” azaldu zuen.
Hirugarren saioaren izenburua “Etorkizuna eraikitzen – haurrentzako arkitektura eta diseinu hezkuntza” izan zen, eta Pihla Meskanenek eskaini zuen, Arkki irabazi asmorik gabeko haur eta gazteentzako arkitektura eskolako zuzendariak, hain zuzen ere. Ingurumen gaien eta arkitekturaren gaineko prestakuntza eskolaz kanpoko jarduera gisa eskaintzen duen Finlandiako lehenengo eskola da.
Helsinki Design Week (2005) ekimenaren sortzaile eta zuzendari Kari Korkman ere Bilbon izan zen, “Helsinki Design Week – Aldaketa erakusten” mintzaldiarekin. Helsinki Design Week Europa iparraldeko herrialdeen diseinu deialdi nagusia da. Urtero ospatzen da, irailean, eta diseinuaren esparru guztiei lotutako 200 hitzordu baino gehiago biltzen ditu, profesionalentzat zein publikoarentzat oro har. Besteak beste, Eskandinaviako diseinua nazioartean hedatzea eta kultura eta hiri garapeneko gaien eztabaida foro bat izatea ditu xede.
Azkenik, Helsinkiko liburutegiko Plangintza arduradun Pirjo Lipastik landutako gaia “Helsinkiko Liburutegi Nagusiaren diseinu berria” izan zen. 2017. urtean, Helsinki hiriaren erdiguneak liburutegi nagusi bat izango du; diseinu lanetan arlo askotako profesionalak ari dira parte hartzen, baita herritarrak ere, zerbitzuaren etorkizuneko erabiltzaile izango diren aldetik. Ondoren, kodiseinuaren ideia Helsinkiko liburutegi sare osoan aplikatzeko helburua daukate.