Bizkaiko Foru Aldundiaren Eskualdeak Berraktibatzeko programak Busturialdean estreinatuko du urtea. Eskualde horretan egingo den lehen aldia da eta ehun bat pertsona laneratzea aurreikusten da, beren negozioak martxan jarrita lan merkatuan sartzen saiatuz.
Eskualdeko 20 udalerrietako (Gernika-Lumo, Bermeo, Busturia, Mundaka, Muxika, Forua, Gautegiz Arteaga, Ea, Errigoiti, Ibarrangelu, Kortezubi, Sukarrieta, Morga, Murueta, Arratzu, Elantxobe, Mendata, Ajangiz, Ereño eta Nabarniz) alkateen eta enplegurako zinegotzien aurrean, Ekonomiaren Sustapenerako diputatu Imanol Pradalesek ekimenaren zehaztasunak azaldu ditu. Bi deialditan egingo da eta gutxienez parte-hartzaileen % 60k autoenplegurako ekimen propioa sortzea izango du helburu. Eremuko udalerrietako udalak eta Behargintza elkarlanean arituko dira hori lortzen laguntzeko.