Imanol Pradales eta Ainara Basurkok, enpresa eta ekintzaileei proiektu berriak sortzen, berritzen eta nazioarteratzen laguntzeko Beazek kudeatzen dituen programen 2016ko balantzea aurkeztu zuten martxoaren 24an.
Joan den urtean guztira 841 proiektu aurkeztu ziren Beazek kudeatzen dituen programa eta diru-laguntzetara. Horietatik 560k jaso zuten laguntza, funts publikoen inbertsioa 15.396.502 eurokoa izanik. Aurreikuspenen arabera 1604 lanpostu eta 287.951.412 milioi euroko fakturazioa sortuko dute.
Imanol Pradales foru diputatuak azpimarratu zuen “Beaz funtsezkoa dela Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak ematen dituen diru-laguntza programak definitzeko eta kudeatzeko”.
Pradalesek enpresa berritzaileak edo startupak sortzeko programari buruzko datuak ere eman zituen. Ebaluatu den azken denboraldian, 2011-2015, 146 enpresa berritzaile sortu dira, batez besteko fakturazioa 1.009.671 eurokoa izan da, biziraupena %83koa, eta batez besteko enplegua 6.5 pertsonakoa.
Ainara Basurkok, Beazko zuzendariak, diru-laguntzez gain eskaintzen dugun zerbitzu aukera zabala azaldu zuen. Azpimarratzekoak dira enpresak bizkortzeko zerbitzuak, izan ere horien bitartez Bizkaiko startupak Bostonen Cambridgeko CIC bizkortze zerbitzuez onuratu ahal izan dira, Estatu Batuetako bizkortzaileak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmenari esker. Gainera, Beazek lurraldeko inkubagailu sare baten kudeaketan parte hartzen du; guztira 133 enpresa daude bertan, 28 milioi euro fakturatzen ari dira eta 566 lanpostu sortzen dituzte.
Ainara Basurkok beste jarduera batzuk ere azpimarratu zituen: esate baterako iaz Telefónicarekin batera abian jarri zen Bizkaia Open Future programa, 4.0 industriarekin zerikusia duten teknologiarantz egin beharreko bidean startup, ETE eta enpresa eragileei laguntzeko; barne-ekintzailetzak eskaintzen dituen aukerak ( Eusko Jaurlaritza, Spri eta CICekin elkarlanean) edo Cebek, Deusto Business Alumni eta Euskalit-ekin elkarlanean eskaintzen diren mentoring zerbitzuak. Halaber, adierazi zuen Beaz gure lurraldeko ekintzailetza sistemaren eragile eta dinamizatzailea dela, gure instalazioetan egiten diren jarduera eta hainbat ekimenen bitartez.