“Enpresa barruan negozioak sortzen” deritzo azaroaren 20an eta 21ean Zamudioko Teknologi Elkartegiko Kabi 612 eraikinean egingo den mintegiari. Enpresen arduradunentzat xedaturik dago, eta batik bat, industriaren arloan jarduten duten eta 50 langiletik gorako plantilla duten enpresen buruentzat.
Mintegi hau Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRI Taldeak Euskadin barne ekintzailetza bultzatzeko ekimena hedarazte aldera aurreikusi dituzten ekintzen ildokoa da, horixe baita Ekintzailetzaren arloko Jarduerei Laguntzeko Erakundearteko Planaren bost arlo lehenetsietako bat.
Haren helburuak honako hauek dira: alde batetik, ekintzailetza korporatiboa Euskadirentzako garapen ekonomiko eta sozial gisa sustatzea, eta bestetik, enpresetan euretan sortzen diren eta berez hazteko eta epe ertainean eta epe luzean enplegua sortzeko gai diren proiektu berrien hazkundea bultzatzea. Oraindik aurrera eta datorren urte osoan zehar, hainbat eta hainbat jarduera antolatuko dira barne ekintzailetza hedarazte aldera.