Zuzeneko laguntzak eta arrisku-inbertsio funts bat barne hartzen dituen programa hau gaur goizean aurkeztu da Euskalduna Jauregian, “Ekintzailetzaren eta Berrikuntza Sozialaren Finantzaketa” aztertzeko topaketa batean. Laneguna eguerdia baino pixka bat lehenago hasi da, Ekonomia Sustatzeko diputatu Imanol Pradalesek esku hartu duenean.
“Ekintzailetzaren eta Berrikuntza Sozialaren Programa 2015” programaren xehetasunak aurreratu ditu Pradalesek. “Berritzea gizarteari balioa gehitzea dela” gogorarazi du. Ildo horretatik, Diogo Vasconcelos berrikuntza sozialean aditua izan zenaren aipua ahotan hartu du: “epe luzera, gizarte zerbitzuetan edo hezkuntzan berrikuntzak egitea industria farmazeutikoan edo aeroespazialean berrikuntzak egitea bezain garrantzitsua izango da”. Aurreko bi edizioak bezalaxe, Ekonomia Sustatzeko Sailaren eta Gizarte Ekintza Sailaren arteko lankidetzaren emaitza da edizio hau. Momentura arte sektoreko enpresen 36 proiektu babestu dira, 312 pertsonaren lanpostuak lotuta eduki dituztenak, hiru urtean.
Apirilaren 6tik ekainaren 4ra arte eskatu ahal izango dira “Ekintzailetza eta Gizarte Berrikuntza 2015” programako laguntzak: bai gizarte proiektu berritzaileak garatzeko laguntzak, enpresa plana garatu eta zehazteko gastuen % 80raino finantzatuko dutenak, bai enpresa edo gizarte-entitate berritzaileak sortzeko laguntzak; azken horiekin, enpresa abian jartzeko gastuen % 60raino finantzatu ahal izango da, eta negozioa garatuko duen pertsona bat kontratatzeko gastuen % 60raino.