Infobeaz

Bizkaiko turismo-enpresak digitalizatzeko zerbitzua

Turismo-enpresetarako digitalizazioko diagnostiko-zerbitzu bat abian jartzen dugu. Helburua da sektoreko enpresa txiki eta ertainei modu errazean laguntzea beren errealitate teknologikoaz jabetzen eta trantsizio digitaleko prozesu osoan laguntzen. Proposamen honetan parte hartzeko epea zabalik dago azaroaren 5a arte.

Digitalizazioa ezinbestekoa da edozein sektorerako. Traveltech Behatokiaren datuen arabera, «turismo-enpresen % 44 eraldaketa digitala jorratzen ari dira». Beren lehiakortasunari eusteko egiten dute, bezeroaren ezagutza hobetzeko, merkatu berrietan sartzeko edo errentagarritasuna areagotzeko. Zerbitzu berriaren helburua da digitalizazioaren esparruan lehenengo urratsa egin nahi dutenei laguntzea eta baita prozesua finkatu nahi dutenei ere.

Horregatik, ahalegin berezia egin da enpresari egokitutako gertuko zerbitzu arina prestatzeko, «gauzatze-erritmoa enpresek eurek zehaztu dezaten». Bi hilabetez luzatuko da, eta hiru etapek finkatuko dute haren garapena. Lehenengoarekin, ahuldadeen eta indarguneen gainean gogoeta egiteko aukera emango da. Bigarrenean, berariazko diagnostiko bat zehaztuko da, eta hobetzeko eremuak adieraziko dira bertan. Azkenekoan, berriz, eraldaketa digitalerako ibilbide-orria planifikatuko da.

Azaroaren 5a baino lehen atxikitzeko inprimakia osatzen duten enpresa guztiek ez dute prozesua osorik jorratuko. Beaz-ek haietatik 15 aukeratuko ditu, eta azaroaren 10ean jakinaraziko dute. Denek, hala ere, azterketa-prozesua baliatu ahalko dute. Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Sustatzeko zuzendari nagusi Cristina Múgicak zerbitzuaren aurkezpenean azaldu zuenez: «Diagnostiko bera alde batera utzita, gogoeta egiteak beti du balioa. Erantzuna eman beharrak lehen agian pentsatu ezin genuen gauzetan pentsatzera garamatza, digitalizazio-prozesuan garrantzitsuak direnak».

,
Beaz

DOAKOA
IKUSTEA