Infobeaz

NICE 2016 saria

NICE 2016

Maiatzaren 12a arte zabalik egongo da epea Europako NICE sarien deialdira aurkezteko. Sariok arazo ekonomiko, sozial eta politiko globalei konponbide berritzaileak ematen dizkieten proiektuak goraipatzen dituzte.

Kultura arloan diharduten artista, ikertzaile, antolakunde, irabazteko asmorik gabeko fundazio eta ekimenei zuzenduta daude eta helburua arteak, kultura eta sormen-industriak gure garapenean faktore gero eta garrantzitsuagoa direla erakustea da.

Aurkeztutako proiektuek ez dute hiru urte baino gehiago izan behar eta banakako ekimenak nahiz taldean egindakoak izan daitezke, esate baterako emigrazioa, gizarte berrikuntza, lanpostuko aldaketak edo hirien hazkundea.

Ipar Renania-Westfaliako Ekonomia, Energia eta Industria Ministerioak finantzatzen duen sariketan epaimahai independente batek hautatuko dituen 15 finalista eta lau proiektu irabazle izango dira. Azken lauok sariko 20000 euroak jasoko dituzte elkarrekin banatzeko eta networking ekitaldi batean parte hartuko dute Alemaniako estatu horretako politikari, sormen-sektore eta industria enpresekin abuztuaren 24an, emanaldiaren bezperan alegia.

NICE sariak 2013. urtean sortu zituen European Centre for Creative Economyk (ECCE), sormen-ekonomiarekin konprometiturik dauden Europako 10 herrialdetako antolakundeek –horien artean BiDC, Bilbao Bizkaia Design Council dago– osatzen duten Network for Innovation in Culture and Creativity in Europe (NICE) ekimenaren barruan.

Hain zuzen ere 2014an BiDCren barruan dagoen euskal ekimen batek –Conexiones Improbables–NICE sari bat jaso zuen arte eta kulturan oinarrituta hibridazio esperientzien bidez antolakundeak eraldatzeko metodologia bultzatzeagatik.

,
Beaz

DOAKOA
IKUSTEA